ZuZeu(e)k: Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)

Iruña Veleia. cc-by-sa: wikimedia


Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (1)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (2)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (3)

Eta iritsi gara abiatzean ginen lekura: zer pentsatu behar dugu profanook?

Izan ere ematen baitu, Iruña Veleiako ostraken ingurukoei buruz iritzi zintzoa edukitzeko, hizkuntzalaritzaren inguruko ehunka orrialde irakurtzera behartuta gaudela, fisika eta kimikaren disziplinak berritzera, historiako orrialde pilo bat errepasatzera… Oinezkook ez daukagu erraza kontu honetan postura hartzea.

Erosoa litzateke Diputazioak jarritako adituen erabakiaren magalean geratzea, hots, faltsuak direla Iruña Veleiako ostrakak pentsatzea eta kito. Nolabait ere, gurean diren autoritate akademiko gorenetakoak dira hizkuntzalaritzan Lakarra eta Gorrotxategi katedratikoak, esaterako. Zergatik ibili beste inoren argudioak entzuten? Gainera, eztabaidan dagoena —edo guri gehien interesatzen zaiguna bederen— idazkunak dira, buztinetan zizelkatutako inskripzioak, epigrafeak. Lakarrak berriro ekarriz: «Froga gehiago egin behar direla laborategian, patina zehazteko… baina hori hasieratik bide txarra hartzea da. Zer da auzitan dagoena? Testuak. Testuen gainean zeinek esan behar du esan beharrekoa? Filologoek. Eta filologoek diotena onartu behar da».

Nor epaile hoberik guretzat benetakoak ala faltsuak ebazteko? Beste modu batera esanda, geu epaile lanetan bagenbiltza, nori deituko genioke benetakoak ote diren jakiteko?

Gure alde arrazionalistak horixe agintzen digu. Zergatik, orduan, denbora galdu eztabaidetan? Zergatik sartu handiegi geratzen zaizkigun eztabaidetan?

Ez dago erraza

Neure kasuan, aitor dezadan, filologiaz haragoko kontuek ere harritzen naute. Oso zaila egiten baitzait inor Iruña Veleiakoa bezalako faltsukeria handi eta zoragarria egiten irudikatzea.

Egia esanda, ez dakit zer egiten zaidan sinesgaitzago, ostrakak benetakoak direla pentsatzea ala norbait(zuk) hainbesteko ostraka kopurua egin eta lekuan jartzen imajinatzea. Non eta domusen fundazioetan. Mila ale inguru. Arraioa!

Eta behin galdetzen hasita:

Ostrakak faltsuak badira, idazkunak zer dira, buztina egosi baino lehen ala egosi eta gero egindakoak?

Zeren egosi baino lehen egindakoak badira —eta hori dioenik bada—, are apasionateagoa egiten zait pentsatzea, faltsugileak ez bakarrik direla adituak hizkuntza zaharretan, baita ere zeramikan. Izan ere, ostrakak zeramika pieza desberdin askotan agertutakoak dira (platerak, anforak, ontziak, adreiluak…). Ezinezkoa egiten zait sinestea, faltsutzeetako inskripzioak egosi baino lehen egindakoak direla, idazkunez gain, piezak eurak ere egin beharko bailituzke faltsutzaileak.

Alabaina, ikusi bideo honetan 6. minututik aurrera, Koenraad Van den Driessche geologoak dioena, esaterako.

Funtsean dioena da, egosi aurretiko markak direla ostraka zenbaitetan daudenak. Hori, arrastoek azaleran sortutako erliebeetan ikus daiteekela, ogi barra batean ikusiko genukeen bezala. Ez dagoela horrelako idazkunik egiterik ez bada buztin freskotan. Esate baterako 13363 pieza honetan:

Marrak egosi aurretikoak omen dira. Iturria: alava.net


Eta, klaro, hasten naiz pentsatzen nor arraio izan daitekeen hainbeste disziplina linguistiko eta historiko ezagutzeaz gain, zeramikagile trebe eta artisau paregabe. Eta labe on bat daukana hainbeste pieza desberdin egiteko. Eta behar litzatekeen dirua eta denbora. Eta ezkutuan eta ixilpean ibiltzeko gaitasuna… Eta, zer nahi duzue, ba, buruak ez dit ematen.

Eta hori guztia gutxi balitz, gainera domusen zimentazioetan ostrakak jartzeko gauza dena, han eta hemen, inor konturatu gabe. Indiana Jonesenak txiki egiten ditu denak.

Posibilitate hedatuena: buztinezko piezak zaharrak dira, inskripzioak geroagokoak.

Honek ere ez du gauza handiegirik konpontzen, idazkunak zeramikak egosi ostekoak izanda ere, langintza ez baita batere erraza: zientoka pieza Veleiatik atera, marrak egin eta ostera lehengo lekura eraman. Inork ezer ikusi eta susmatu gabe. Arraioa! Detektibe on batek baleukake non aztertua.

Noizkoa da faltsutzea, beraz?

Gorrotxategik dio XX. mendekoa behar duela izan derrigorrez, “siendo la razón principal el hecho de que aparezca entre las piezas información solamente conocida en este siglo“. (Berriro Nefertiti eta abar).

Ederki: XX. mendean, baina XX. mendean noiz?

Gorrotxategik dio zaila dagoela jakiten, baina ez dela oso aspaldikoa izango. Zergatik? Ez 50etan eta 1974-75n eginiko indusketetan ez zelako ezer antzekorik agertu.

Eta txostenaren errematean, Eliseo Gilentzat ostiko ikaragarrizkoa:“…que algunos óstraca hayan aparecido en muchos de los sondeos realizados en 2006 en lugares apartados de sí, invita a pensar, por puro cálculo de probabilidades, que no están temporalmente alejados de los procesos mismos de excavación”.

Tristea da, baina epaileak izango du hitza. Pentsatzekoa da hark aditu batzuen esku utziko duela erabaki zientifikoa eta zenbait froga eginaraziko dituela ostera. Auskalo, hala ere.

Amaitzeko

Bi aldeek eskatzen dutenari errepara diezaiogun, labur bada ere.

Alde batekoa argi dago: Diputazioak eta Eusko Trenek eskatzen dute “errudunak” aurkitzea eta zigortzea. Adituek eskatzen dute eurek esandakoari men egin eta sinestea. Bidebatez esanda, internet eta enparauetako “foro asanbleario frikietan” denborarik ez galtzea. Arrazoia apur bat ere badute horretan: ez da gauza bera aditu batek sinatutako txosten landua eta anonimo batek bi hitz zabarretan jaurtitako iritzi nola-halakoa. Balioak desberdindu behar liratekeela, alegia.

Beste aldekoa ere, Elexpururi entzundakoari segika, ez dirudi oso zaila denik ulertzen: 1- ostraken zaintza ken dadila Arabako Diputazioaren ardurapetik, akusazio denez, ez dirudi egokiena denik zaintza horretarako. 2- Epaileak agin ditzala froga berriak horretarako balio lezaketen ostraketan (hezurrezkoak, egosi gabekoak…). 3- Jarrai dezatela indusketa lanek, nola faltsutzeak argitzeko, hala ondarea gehitzeko (nahiz eta badirudien badagoela horretarako plana).

Eta kitxo

Honaino iristen da kazetaria. Akituta. Eta idazten hasi denean bezala sentitzen da: erabat galdurik. Izan ere, hiru gauza gerta daitezke:

1- Ostrakak faltsuak dira.

2- Ostrakak benetakoak dira.

3- Ostraketako batzuk bakarrik dira faltsuak.

Hiruretatik zein iruditzen zaizu zeuri benetakoa? Esaiguzu iruzkinetan, otoi.

Hori bai, Orson Wellesek esango zukeen modura, ostraken faltsifikazioak benetakoak baldin badira, baten batek badauka eleberri baterako argumento eder askoa.

Hala ere, liburu hori idatz dezala auzoko zakurraren amamak, orain artekoarekin, hemen nahikoa dugu eta.

……………………………….

Gaiaren inguruko gune ezinbestekoak:

- Arabako Diputazioarena primerakoa da dokumentu ofizial eta argazki guztietara hurreratzeko.

- Iruña Veleiako indusketaren ataria.

- Iruña-Veleia, gezurra ala egia? Elexpururen bloga.

- Ostraka euskalduna. Sos Veleiaren alde bloga.

- Iesus Ioshe Mariam bloga.

- Celtiberia.net. Itxita dago, baina hemen hasi eta argitaratu ziren lehenengo zalantzak.

- Aurrekoaren segida hartu eta bizirik segitzen du Terrae Antiquaek.

- Iruña Veleiakoa Deliciousen.

Nire esker ona erakutsi nahi diet, batera edo bestera, gaiaz ahal bezala jabetzen lagundu didaten Joseba Lakarra, Juan Martin Elexpuru, Ricardo Gomez eta Maite Darraidou filologoei.

Ohar honetan

Inork ez.