ZuZeu(r)en Oharrak

Hona hemen Joxe Agirrek, Maialen Lujanbiori txapela jantzi ostean botatako lau bertsoak.

Kontseiluak mintegia egingo du herrietako euskalgintzako kideekin.
Helburua? herrietako euskalgintzako erakundeekin batera Kontseiluak 2010ean garatu nahi dituen egitasmoen berri ematea.
Norentzat? Herrietako euskalgintzaren bilgune eta erakundeentzat, eta herrietako udal euskara teknikarientzat.

Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioren arteko besarkada estuak eman dio amaiera, luzea izanagatik, azkar igaro den egunari. “2009ko Txapelketa Nagusiko txapeldun, Mailen Lujanbio”, iragarri du Saroi Jauregik lehiaren amaieran. BECek, egunean zehar beste hainbatetan bezala, eztanda egin du. Esaldi horrekin amaitu dira iragarpen, uste, susmo eta porra guztiak. Lehiatutako eta merezitako txapela jantzi du Lujanbiok buruan. Azken hilabeteotan iragarritako belaunaldi erreleboa gauzatu da bertsogintzan. Laugarren postuan geratu da Egaña, txapeldunen txapelduna.
Sailkapena honela geratu da: Maialen Lujanbio (1630,75 puntu), Amets Arzallus (1582 puntu), Jon Maia (1060 puntu), Andoni Egaña (1058 puntu), Unai Iturriaga (1046,25 puntu), Sustrai Colina (1037 puntu), Aitor Mendiluze (1009,25 puntu) eta Aitor Sarriegi (938,75 puntu).
“Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz”, izan da txapeldunaren azken aldarria, bertso festari amaiera eman dion puntua.
Aurretik, ordea, puntu eta bertso mordoa.
Parez-pare aritu dira bi finalistak. Ametsek, buruz burukoan eginiko kartzelako lan paregabearekin publikoa bereganatu badu ere, errenta zuen Maialenek. baina zaletuen artean kezka, egun osoko lana hartzen ote zen kontuan irabazlea izendatzerakoan. Eta bai, hala da.
“Hileko aurrez-aurreko bisita duzu gaurkoan. Heldu zara kartzelara eta funtzionarioak sartu nahi baduzu biluztu egin behar duzula esan dizu eta miatu egingo zaituela”. Buruz buruko kartzelako saioko gaia honakoa izan dute.
Minez, eta negarrez, biak kartzelatik lagun edo maitea ikusi gabe alde egiten ikusi ditugu.
Aitortzen dut samin handiz
uzten dudala kartzela
etorri naizen bezela
esperantza daukat bera
indartsu egongo dela
badakit badakiela
berekin izan naizela
Abestu du azken bertsoan Lujanbiok.
Honakoak izan dira, ostera, Arzallusen hitzak:
Heldu etxera eta hartu dut
paper baten zirri-marra
gutun txiki bat ta utzi ditut
bi muxu ta irriparra
hori delako nik biluzteko
dakidan era bakarra
Belaunaldi berrien txanda

Iragan hilabeteotan aipatu izan da hainbatetan, Egañak belaunaldi berriei tokia utziko ziela txapelketa honetan. Argi geratu da, ordea, txapela lehiatu egin behar izan dutela, Andoni fin aritu baita. Eta bete du agurrean aipaturiko helburua: “saio polita egin nahi nuke ezerk ez nau lotzen katez”.
Azken zutabea idaztear zuen kazetariaren larruan jarri dituzte kartzelako lanean. Egañak BECeko 14.000 zaleturen txalo zaparrada jaso du, Euskal Herri aske baten albistea idazten ari zenaren hitzetan: “Herri kontsulta gaur egin dute / ta emaitzak argi daude / Euskal Herria bihartik dugu / bere buruaren jabe”.
Arratsaldean ere goxo-goxo abestu dio zuhaitzaren azpian opariak ipintzen harrapatu dion bost urteko alabari. Eta zenbaitzuk, lan hori amaitzean, buruz-burukoan ikusi dute azken lau txapelketetako txapelduna. Laugarren postua lortu du, ordea, Jon Maiaren atzetik. Agur hunkigarrian, datorren finalean publiko artean izango dela abestu du:
Aupa Maialen zorionak
tokatzen zaizun antzera
adiskide ta bertsolari
ezin hobea baitzera
zure baimenarekin noa
elkartea aipatzera
gaur e lanean zenbat jende
asko bolondres gainera
nik erabakia hartu dut
hemendikan lau urtera
nahiz diferentzia badago
egon jeiztetik jeistera
ni oso harro pasako naiz
naturala horixe da
behien aulkia aipatzetik
behian aulkia jartzera
Final emankorra
Luzaz hitz egiteko eta luzaz idazteko aitzakia eman du azken saioak. Euskal presoez oroitzeko, nerabezaroaz, 36ko gerraz, amez, Egunkaria auziaz, etorkinen bakardadeaz edo maitasunaz mintzateko aitzakia izan dute, besteak beste, zortzi bertsolariek. Umorez, batzutan, eta serio besteetan, malko eta irrifarreak marraztu dituzte zaletuen aurpegietan. Neurri, doinu, zein errima ezberdinez, txalo egitera bultzatu dituzte gaur bertsozaleak.
Amaitu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta txapela, Maialen Lujanbioren buruan pausatu da, lau urtez, gutxienez.


Leku askotan dator notizia, bestela ezin zuen izan eta: Rue 89, El Pais… Erasotzailea identifikatu eta atxilotu dutela ere badakar Il Corriere de la sera-k.

Zortziak dira bere amarenak, denek dute berezko bertsokera. Zein dira ordea bakoitzaren ezaugarriak? Eta zer espero dugu eurengandik?
- Andoni Egaña: Azken lau saioetako txapelduna da. Esan eta esan ari dira txapela garesti salduko duela eta arrazoi dute hori diotenek. Saio ona egiten badu, gainerakoen gainetik ikusten dugu guk, koska bat behintzat. Baina ez luke erlaxatu behar: hitz jokoan abila da, erreferentziak tartekatzen inor ez bezalakoa, umorean eta draman fina izateaz gainera. Belaunaldi bateko azken kantaria izango da. Gainerakoek asko kantatu beharko dute berari irabazteko.
- Maialen Lujanbio: Adituen ustez, txapela janzteko bigarren faborito nagusia. Finalerdietan oso ondo (eta une batzuetan bikain) aritu da. Berezko bertsokera du, emozionantea bezain teknikoa da. Beretik kantatzen badu, buruz-burukoan egongo da, ziur.
- Amets Arzallus: Akatsik egin gabe, sendo ageri da. Finalerdietan fin aritu zen, bere neurrian goia jo gabe baina. Egun handietan hazi egiten da eta zirirako bezala seriorako bertsolari aparta da. BECen saio ona egin zuen duela lau urte, eta beldur eszenikorik ez du izango. Porretan txapelerako hirugarren hautagaia da. Besteen hutsak ere beharko ditu horretarako, bere saio bikainaz gain.
- Unai Iturriaga: Finalerdietako lehen saio txarraren ostean eta azken orduan final handian bere lekua egin eta gero, anbizio handiz etorriko den bertsolaria. Komikitik eratorritako txispa berezia du. Onomatopeia eta erreferentzia ezberdinak erabiltzen ditu besteren artean. Bere ekarria ezinbestekoa zen finalean.
- Aitor Mendiluze: Erregularrena da. Iñaki Muruak makina bat bezala definitu zuen. Bertsoa matematikoki osatzen du, akatsik egin gabe. Brilloaz gainera karisma ere falta zaio txapelerako hautagaien artean egoteko. Badaki zer eman dezakeen, eta hori bere aldeko arma da. Mendiluze ausartago bat ikusi nahiko genuke ZuZeuko erredaktoreek. Ongi egitera baino, hunkitzera bezala arriskatzera joango dena.
- Jon Maia: Inoizko txapelketa onena ari da egiten. Zentratuta ikusten zaio. Arrazoietan pisua jartzen du beti, eta sarritan ahaztu egiten zaio alor teknikoa. Aurten biak uztartzen egoki ikusten zaio. Bertso antologikoak uzten ditu txapelketa guztietan. Aurten ere berdin izango al da? Maia gabeko txapelketarik ezin imagina daiteke.
- Sustrai Colina: Bi finalerdi irabazi ditu, baina ez du dizdirarik gabe aritu da. Finalean saio hobea egingo du. Egun handietan bere saltsan aritzen da. Arrazoiean nondik aterako den ez duzu jakiten urruñakoarekin. Sorpresa ematera aterako da, eta presiorik gabe aritzeak bere alde egin dezake.
- Andoni Sarriegi: Lehen aldiz izango da finalean. Igor Elortzaren lekua hartu du, eta beteko duen postuak baino garrantzia gehiago du emango duen sentipenak, utziko duen arrastoak. Bertsolari ona dela erakutsi du, bertso motzetan freskura handiagoa ikusten zaio luzean baino. Finalean urduritasun edo presiorik igarriko duen inkognita bat da. Ia saio ona eskaintzen duen.
- La Información agerkari digitalean, adibidez, hil aurretik ikusi beharreko 50 filme aipatzen dira.
- Timesek, hamarkadako bere 100 filmik gustukoenen zerrenda argitaratu zuen.
- Agerkari berean, hamarkadako 50 pertsona garrantzitsuenen zerrenda egin zuten.
- Antena 3ren web orrian, nazioarteko diska garrantzitsuenen lista aurkituko dugu. Hauek ere, hamarkada honetakoak hautatu dituzte.
- Arreta deitu digunez, nahiz eta kulturarekin zer ikusirik ez izan, agerkari berean, nazioarteko (ez dituzte Espainiarrak sartzen, noski) kirolari aipagarrienen zerrenda egin dute.
- Pitcfork atari entzutetsuarentzat, hauek dira hamarkada honetan nazioarteko diskarik garrantzitsuenak.
- Rockdeluxek ere, paperezko bertsioan, azken hamarkadako liburu, disko, film eta komiki garrantzitsuenen zerrenda egin zuen, aurreko hilabetean.
- New Musical Expressentzat hauek izan dira hamarkadako 100 diskarik laudagarrienak.
- Les Inrockuptiblesentzat aldiz, hauek dira aurtengo 30 bideoklipik onenak.
- The Timesentzat, hamarkadako 100 libururik onenak hauek izan dira.
Gehiago eta gehiago ere badira, urteko onenak edo hamarkadako onenak zerrendatzeko ohitura izaten delako urtea amaitzearekin batera. Ikusten duzuenez, nekez aurkitzen da euskal zerrendarik. Egin beharko genuke bat, kultura honi txispa apur bat ematearren.

Makina baten aurrean botoi berari edo mugimendu berak errepikatzen pasatzen dituenari lanak ez dio motibatzen. Baina lan “entretenigarriagoak” egiten dituztenek ere badirudi antzerako egoera pairatzen dutela.
Erraz aspertzen baikara, oso erraz. Eta hala, lehen hilabeteetan, lana berria denean, gustura aritzen gara gauzak deskubrituz, baina epe laburrera motibazio orok alde egiten du.
Eta lanean aspertzen direnak edo tentsioz gainezka bizi direnak, berdin berdin lana egiteko gogo falta izaten dute.
Azken finean, lana, lana baita!
- Ur taldeak antolaturik, eta Baionako Bolborategian, Kepa Arizmendi zenaren 23 lan daude ikusgai. Errefuxiatu ohia duela gutxi hil zen garuneko ixuriak jota, eta bizirik zela egin zituen zenbait lan daude ikusgai. Erakusketa Abenduaren 30era izango da zabalik, 15:00etatik 19:00etara.
- Harkaitz Canoren hitzaldia Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, larunbatean, 10:00etatik aurrera. Literatur Eskolak antolaturiko hitzaldi honetan, Lasarten jaiotako idazlea amaieraren garrantziaz arituko da.
- Gasteizko Montehermoso museoan, After the final simplifications of ruins erakusketa kolektiboa. Xabier Arakistainek gidatzen duen museoak arriskuaren aldeko apustua egiten du ia beti, eta kasu honetan, Flávio de Carvalho, Wilson Díaz, Sung Hwan Kim, Maria Lassnig, Erlea Maneros Zabala, Ania Molska, Anu Pennanen, Lotty Rosenfeld, Katerina Šedá eta Apichatpong Weerasethakulen lanak daude ikusgai. Urtarrilaren 3ra arte zabalik.
- Noaingo Kultur Etxean, eta gaur gaueko 22:00etatik aurrera, Oreka Tx taldearen Nomadak Tx entzuteko aukera. 4 euroren truke.
- Bihar eta etzi, Malandain Biarritzeko Balletaren ikuskizuna izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Thierry Malandainen konpainiak Tchaikovskiren suiteak eramango ditu dantzara Donostian eskainiko duten emanaldian. Arratsaldeko 20:00etan, sarrerak 30, 22 eta 16 eurotan.




